Jesusen Bihotza Mundaiz Ikastetxea

Korazonistak

2017-2018 ikasturteko goiburua eta helburuak

Hona hemen 2017-18 ikasturterako gure ikastetxeko goiburua. “Bihotzaren ordua da”. Bihotza da edozein pertsonaren motorra, iturria, gunea. Ezin daiteke bihotzik gabe bizi. Bihotzean errotzen baitira edonoren asmo, nahi, sentimendu eta bizitzarako proiekturik sakonenak.

 

KORAZONISTAK gara, hau da, BIHOTZAREN  jarraitzaile. Jesus dugu eredu. Jesus gurutzean iltzatua bere bihotza eskaintzen diguna. Azken finean, maitasunez eskaini zuen bizitza gu guztion alde. Berak erakutsi zigun txiroen, baztertuen, behartsuen, maitasun eza pairatzen dutenen alde jarri behar dugula. Hala jokatu zuen Berak . Jainko Aitak goitik behera eta garen bezalakoak maite gaituela erakutsi zigun eta ez bakarrik hitzez, baita ekintzaz ere.

 

Aita Andrés Coindrek Jesusen Bihotzaren Anaien Institutua sortu zuenetik garbi izan zuen ANAIA KORAZONISTAK izango zirela.

BIHOTZA izan dadila aurten gure ikastetxeko eta bertan gauden guztion erritmoa markatuko dueña. BIHOTZA jar dezagula ikasketetan eta lanean, BIHOTZEZ eta BIHOTZETIK sor ditzagula gure harremanak, BIHOTZEZ joka dezagula egunerokoan, BIHOTZEZ bizi gaitezela.