Bolonia: Gogoratzeko abentura hezitzailea

Bolonia batez ere bere unibertsitateagatik da ezaguna, mendebaldeko munduko zaharrena baita (1088an sortua) eta Europako zaharrenetakoa eta ospetsuenetakoa. Hiri hau Erdi Aroan famatua izan zen humanitate eta zuzenbide alorreko ekarpenengatik, eta jakintzaren hedapenean erreferente bihurtu zen. Bere eredua ezagutzaren eta berrikuntzaren erreferente bihurtu zen, eta Oxford, Paris zein Salamanca bezalako unibertsitateak inspiratu zituen.

Uda honetan, Erasmus Learning Academy-k antolatutako Outdoor learning formakuntza egiteko aukera izan dut. Ikastaroa Bononia Camplus izeneko ikasle-egoitzan ematen zen, eta uztaila izan arren, ikasle-giro itzela nabari zitekeen. Dena den, horrek ez ninduen gehiegi harritu, Bolonian urtero milaka ikasle italiar eta atzerritar biltzen baitira.

Ikastaroan hezkuntzako beste bost profesionalekin batera klaseak partekatzeko zortea izan nuen: Maria, lanbide-heziketako eta bigarren hezkuntzako gorputz-hezkuntzako irakaslea (Bartzelona); Panna, psikologa eta orientatzailea (Budapest); Javi, Unibertsitateko gorputz-hezkuntzako irakaslea (Valladolid); Claudia, alemaneko irakaslea (Frankfurt) eta, azkenik, Francesco, gure irakasle italiarra (Bologna).

Aire libreko ikaskuntzaren onurak

Nire harridurarako, ikastaroko parte-hartzaile bakoitzak oso irakasgai desberdinak eman genituen, eta bakoitzak tresna desberdinak eskuratu nahi genituen gure ikastetxeetan praktikan jartzeko. Azken finean, aire zabaleko ikaskuntza ikaslea hezkuntza-prozesuaren erdigunean jartzea bilatzen duen hezkutnza-ikuspegia da, eta hainbat konpetentzia lantzeko erabil daiteke, zeharkakoak zein espezifikoak. Beraz, ondo pentsatuta ez da hain arraroa perfil desberdinetako kideok formakuntza honetan parte hartu nahi izana. 

Hitz gutxitan, Outdoor learning metodoaren helburua ikasleek ingurune naturaletan ikastea da. Frogatuta dago hezkuntza mota horrek sormena eta pentsamendu kritikoa sustatzen dituela, osasun fisikoa eta ongizate emozionala indartzen dituela, lankidetza eta komunikazioa sustatzen dituela, motibazioa areagotzen duela eta jasangarritasunari buruz hausnartzen laguntzen duela.

Ikasgelatik irtetean, edukiak errepikatzeaz gain, esperimentazio eta aurkikuntza bidezko ikaskuntza errazten da. Hirian paseo bat ematen den bitartean, naturaz inguratutako ingurune batean edo eskolako jolastokian ikasgairen bat ematen den bitartean jar daiteke praktikan. Mundaiz ikastetxearen kasuan, Urumea ibaiaz eta Kristinaenea parkeaz inguratuta egoteak metodologia hori aplikatzea errazten du.

Teoriatik praktikara

Boloniako ikasturtean ikasitako dinamikak bi multzotan sailka daitezke. Batetik, zeharkako gaitasunak lantzeko jarduerak egongo lirateke (teambuilding, komunikazioa, dramatizazioa, taldeak, inprobisazioa…); eta, bestetik, curriculumeko edukiekin lotutako jarduerak (natur zientziak, matematikak, hizkuntzak, artea…). Beraz, dinamika horiek aplikatzea baliagarria izan daiteke tutoretzetarako zein zenbait irakasgaitarako.

Egindako jardueren artean, aipamen berezia merezi duen bat egon zen: eraikinen edo elementu naturalen neurketa, baliabide naturalen bilketa (marrazki geometrikoak sortzeko, artelanak edo ekuazioak ebazteko) eta 5 minutuko ibilaldia isiltasun osoz, poema bat sortzeko inspirazio gisa. Eta, zalantzarik gabe, nire gogokoena: zaborra biltzeko helburua duen lehiaketa.

Aipatzekoa da team building dinamika jakin batzuk praktikan jartzeko erronkarik handiena gure ikastetxean gela bakoitzean dugun ikasle kopuru altua dela (normalean, 30 ikasle gela bakoitzeko). Ariketa jakin batzuk egiteko, ikasle talde txikiagoa behar da. Hori dela eta, irakaslea ikaste talde erdiarekin dagoen momentuak aprobetxatzea komeniko litzateke (adibidez, barnekotasun-eskolen orduan).

Boloniako asteak balio izan zidan konturatzeko askotan ez dagoela oso urrun joan beharrik aire zabaleko dinamikaren bat praktikan jartzeko, eta ikaskuntza-prozesua beti dela hunkigarriagoa abentura-puntu batekin. Francescok, bere etengabeko feedback-ekin, irakaskuntza esanguratsu bat lortzeko giro on bat sortzearen garrantzia ikusarazi zigun. Barreak, janari ona eta bisita kulturalak alde batera utzita, oso aberasgarria izan da beste herrialde batzuetako irakasleekin elkarrizketak eta esperientziak partekatzea.

Orain ezagutzaren hiritik ekarritako hazia gurean ereitea dagokigu.

Mara Zubillaga (Naturreko eta euskarako Bigarren Hezkuntzako irakaslea)

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Pribatutasun politika

Gure pribatutasun politikaren inguruko edozein zalantza argitzeko.